Esa “segurua” dela dio De Pedrok, presa ondoan lur-jausia izan arren

0

Esa + Ez plataformak kezka agertu du. Parlamentuko hainbat taldek azalpenak eskatu dituzte.

Ebroko Ur Konfederazioak azaldu duenez, lur-jausiak ez dio eragiten obraren eta urtegiaren “segurtasunari”, ezta azken horren “egonkortasunari” ere. Esako urtegia handitzeko, horma nagusia altxatzen hasi zen iragan astean konfederazioa. 2013ko otsailean urtegiko eskuineko magala mugitu zen, eta pitzadurak eragin zituen han dauden urbanizazioetan. Bizilagunak etxetik atera zituzten horregatik, eta, ondoren, desjabetu. Arazoak arazo, aurrera jarraitu du konfederazioak urtegia handitzeko lanekin.
Asteazkenean ekin zieten zabaltze lanei, eta ingurua egonkortua zutela esan bazuten ere, duela bi aste arrakalak topatu zituztela salatu zuten Rio Aragon eta Esa + Ez Lanak Gelditu elkarteek. Luis Solana Garces Rio Aragon elkarteko presidenteak baieztatu zuenez, “egonkortze lanak bukatutzat eman ondoren” agertu ziren arrakala horiek.

Azalpen eske

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek Espainiako Ingurumen Ministerioaren agerraldia eskatu du Kongresuan, Esako urtegiko eskuin hegalaren “benetako egoera” azal dezan. Horrez gain, Xavier De Pedro Ebroko Ur Konfederazioko presidenteak azalpenak eman ditzan galdegin du.

Barkosek gogorarazi du konfederazioak “gainditutzat” eman zituela eskuin hegaleko mugimenduak duela astebete: “Badirudi hori ez zela horrela”. Horregatik, uste du “erantzun azkar bat” eman behar zaiola egoerari.

EH Bilduk ere “informazioa eta berehalako irtenbideak” eskatu ditu, egoera “larriaren” aurrean. Rio Aragon eta Esa + Ez Lanak Gelditu elkarteek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egitea babestu du —Ezkerrak ere bat egin du—. Datuak gaurkotu eta egoeraren diagnosia egin dezaten nahi dute.

Iturria: Edurne Elizondo Berria

Share.