Nafarroan aldaketarako aukera sortu da

0

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak 50 parlamentarietatik 26 lortu dituzte; Iruñean ere badira aldaketarako zenbakiak.

Azken urteotan giro sozial eta politiko bat erein da Nafarroan, eta atzoko emaitzek hori islatu dute: foru bozak UPNk irabazi arren (50 legebiltzarkideetatik 15; 1987ko zenbakietara itzuli da), Geroa Bairen (9), EH Bilduren (8), Ahal Dugu-ren (7) eta Ezkerraren (2) artean 26 lortu dituzte. Aski aulki gehiengo osoarekin gobernua eratzeko. UPNk, PSNk (7) eta PPk (2), 24 dituzte. Gaurtik hasita gehienez ere hiru asteko epea dago Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatzeko. Hor ikusiko da alternatibaren aldeko indarrek zertara iristen hasten diren.

Bada beste aukera bat, ordea: Geroa Baik, PSNk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bat eginda, 25 aulki dauzkate, eta haien oposizioan UPN/PP eta EH Bildu leudeke.

Nafarroako gobernuburua hautatzeko lehen bozketan parlamentuko Mahaiko presidenteak aurkeztuko du hautagaia, eta lehen bozketan gehiengo osoa behar du (26 aulki, gutxienez). Bigarrengoan, gehiengo soila. Halakorik ezean, beste hautagaien txanda izango da, eta prozedura bera egongo da. Lehen bozketatik 30 egunera ez bada lehendakaririk, berriro egingo dira bozak.

Iruñeko Udalean ere aldaketa historikoa emateko zenbakiak dituzte EH Bilduk (5), Geroa Baik (5), Ahal Dugu-k sustatutako hautesle elkarte Aranzadik (3) eta Ezkerrak (1): 27 hautetsietatik 14. EH Bildu da lehen indarra haien artean. Iruñeko kasuan, EH Bildu baztertuta, Geroa Baik eta Ezkerrak ezin dute PSNra jo, honek ez dielako gehiengo osorik ahalbidetzen, eta alkateen inbestidura saioan beharrezkoa da hori, bigarrengo bozketarik ez baita.

Kontuak kontu, indarra hartu aukera honek: Nafarroako lehendakari Uxue Barkos (Geroa Bai) eta Iruñeko alkate Joseba Asiron (EH Bildu). Historikoa.

Beste lurralde historikoetan, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzak argi geratu dira: EAJk aginduko du, bakarrik edo PSErekin —EAJk eta PSEk 2013tik «erakundeen egonkortasunerako» itun bat dute sinatua—. Bilboko eta Donostiako alkatetzatan ere, EAJ agintean.

Arabako argazkia, aldiz, oso zatituta ageri da, lehen indar EAJk 51 eserlekuetatik 13 dituelako; PPk 12 (EAJk baino 500 boto gehiago izan arren), EH Bilduk 11, Ahal Dugu-k 8. Jeltzaleak PSErengan (5) soilik oinarritzen badira gobernua osatzeko, 18 aulki baizik ez dituzte izango, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta eta Irabazik (1) baino bat gutxiago. Inbestidurako lehen bozketan gehiengo osoa behar da ahaldun nagusia izendatzeko, eta bigarren bozketan batzarkideen artetik boto gehien jasotzen dituena izango da agintean. Aukerak zabalik dira, lehen indarra izateak EAJri joko handiagoa emango badio ere.

Gasteizen EH Bilduk badu aukerarik alkatetza lortzeko, bigarren geratu den arren. PP erraz gailendu da, 9 hautetsirekin eta koalizoari 12.000 botoko kenduta, baina Javier Maroto PPren alkateak kontrarioak baizik ez ditu sortu azkenaldian eta zail luke postuan segitzea. Horretarako, baina, inbestidurako lehen bozketan beste indarren hautagai batek gehiengo osoa behar du. Botoen %99,4 zenbatuta, EH Bildu-EAJ-Hemen Gaude-Irabazi baturak ematen du gehiengo absolutu hori, 27 aulkietatik 14 izanda; beste kontu bat litzateke gobernua nork osatuko lukeen. PPk PSErekin ezin du, 13 pilatuko lituzkeelako. Eta beste aukera bat da lehen bozketan inork ez izatea gehiengo osorik —hau da, EAJk ez babestea EH Bildu— eta, beraz, alkatea izendatzeko saioan bigarren bozketarik ez denez izaten, atzoko bozetan boto gehien jasotako alkategaia jarriko litzateke agintean: Maroto.

Bizkaian esperotakoa gertatu da: EAJ nagusi. Batzar Nagusietan 23 aulki (1 irabazi du) eta Bilbon, Iñaki Azkuna zenaren efektua galduta gehiengo osorik ez du lortu, baina aise gailendu du.

Ustekabe nagusia Gipuzkoan izan da, EAJk irabazi baititu herrialdean, Donostian eta herri handi batzuetan (Arrasate, Tolosa…). Eusko Legebiltzarrerako azken bozetako zenbakiak erdietsi ditu, udal eta forukoetan behera egiten duen arren. Duela lau urte baino 33.000 boto gehiago bildu ditu herrialdean; 18 aulki. EH Bilduk Gipuzkoan sufritu du gehien; emaitza ikusgarrienak ere hantxe lortu zituen 2011n. Hainbat faktorek eragingo zuten beherakadan: gobernatzearen desgasteak (hondakinak…), oposizio politiko eta mediatiko gogorrak…

Ahal Dugu-k emaitza onak izan ditu Araban eta Bizkaian (bietan %14,5) eta Gipuzkoan pixka bat beherago ibili da (%12). PSEk eutsi egin dio Gipuzkoan, askotxo galdu du Araban eta Bizkaian. PPk, oso emaitza txarrak.

Berria

EMAITZAK

Share.