Askatasunaren Foruak (laburpena)

0

Iragan berri den 2012 urtean, Nabarroan pairatzen ditugun konkisten oroitza burutu dugu sozietate osoan. Jarraian, 2014 urte honetan – larrialdi kolektibo, ekonomiko, sozial, politiko eta kultural haundiak bizitzen ari garen garaiotan – 1893-1894 urteetako Gamazadaren ehun eta hogeigarren urteurrena bizi dugu, garaikidetzan askatasunaren foruen defentsan egin den mobilizazio bateraturik haundienaren urteurrena. Horregatik aurkezten dugu “Askatasunaren Foruen Manifestua, Foruak zer diren eta zer ez diren”, zeinaren laburpena baita ondorengoa:

Foruak zer diren:

Askatasuna: “Nabarron batasuna gure askatasunen defentsan, bizitzak berak baino maitasun haundiagoa merezi duten askatasunen defentsan”. Esaldi hau irakur daiteke Monumentuan, bere eraikuntzaren arrazoia isladatuz.
Batasuna: “Arrisku komunaren aurrean mututu egiten ziren alderdikoikeriak… eta, aberriaren bandera mehatxatuaz gain, ez zen beste banderarik altzatu, ez zen beste idolorik egon.” Honela deskribatu zuen Gamazadan gertatua Hermilio Oloritz jaunak.

Legalitatea: Foruak legalitate propioa dira, eta legalitate propio honek sozietate propioaren nagusitasuna ekartzen du, bai jarduera legislatiboaren gainetik eta bai jarduera exekutibo nahiz judizialaren gainetik. Nabar sozietateko eskubide zibil eta politikoei Foru esaten zaie.

Berdintasuna: demokrazia zuzena presente dago nabar sistema juridiko osoan, hiritarron batzarretatik abiatuta, non berdintasuna praktikatzen baita hiritarron arteko harreman horizontaletan.

Lurraldetasuna: Nabarroa, gaur egun, subjektu internazional pasibo bat da. Hau argi geratzen da, besteak beste, gaur egun indarrean dagoen 1856ko traktatuan. Traktatu honetan Frantziaren eta Espainiaren artean banatu zituzten, literalki, “bi Nabarroak”, Nabarroaren beraren interbentziorik gabe. 1841ean unilateralki lekualdatu zuten espainiar muga Ebrotik Piriniora. Nabarroko Gorteek sendoki oposatu zuten neurri hau, 1829ko azken saioan argi gelditu zen bezala. 1856ko traktatua handik hamabost urtera sinatu zen. 1940ko Manuel Irujo jaunaren Konstituzio-proiektuaren 5. artikuluak adiarazten du ezen “Euskal Estatuaren lurraldetasuna Nabarroko Erresumarena dela”.

Soberania: “Behin Nabarroko Erresumaren benetako jatorria eta izaera argituta, ezin onar daiteke beste ezein erresumak bere gainean erabakiak diktatzeko eskubidea duenik, beste erresuma hau zabaletan zabalena izanik ere, itzalezkoetan itzalezkoena izanik ere”. Honela idatzi zuen Nabarroko Gorteetako sindiko izan zen Ángel Sagaseta de Ilurdotz jaunak.

Euskara: “Gu gaurko euskaldunok (…) gure legea gorde nai degula erakusteko”. “Gu euskaldunok (…) atzekoari ostatua ematen degu onirizkero. Baino eztegu nai aien uztarria jazan.” Horixe dago idatzita Monumentuan.

Foruak zer ez diren:

Hitzarmenaren iruzurra, edo inpostura forala, erregimen foral hitzartua ere esaten zaiona, fraude erraldoi baten gainean etzaten da. Fraude horri azpiratuta gaude konkistatuok. Fraude horren funtsa sozietate honen eskubide politikoak esentzia pseudo-foral intangible batzuez suplantatzea da, zeinak, konkistatzaileen aburuz, hiritarron erabakimen asketik at baitaude.

Foruen Monumentua inauguratu ez izanaren benetako arrazoia berau eraikiarazi zuen Foruen defentsarako batasunaren haustura izan da. Foruen Monumentuaren inaugurazioa sustatu duten entitate kulturalek, hiritar guztien informaziorako, urtean zehar garatuko diren jardueren programa aurkezten dute.

SINATZAILEAK:

  • Orreaga Fundazioa
  • Xavier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkartea
  • Nabarra Aurrera Elkarte Kulturala
  • 1512-2022 Nafarroa Bizirik Ekimena
Share.