Estatu independientearen ikuspegi garaikidetik hartuta, -hots, juridiko-politikoa, eskumenekoa, lurraldekoa, nazioartekoa eta istorikoa- errealitateak dio Euskal Herria, erkidego hizkuntz-etnikoa, Nafarroaren parte dela. Ez dira kontrajarritako edo elkarren aurkako kontzeptuak, osagarriak baizik.
Ba al dago Nafarroaren izenari -konkistatutako haren aberriari, alegia- uko egin diezaioken abertzalerik? Zintzotasunez, independentzia lortzeko aukera izpirik badagoela uste al duzu, bakarrik Euskal Herria erkidego hizkuntz-etnikoan oinarriturik? Ez al duzu uste hemen independentziaren berreskurapenaren gako nagusia edo abiapuntua gizarte zibil nahiz politiko anitza, bereizitakoa, amaigabean menperatutakoa dela, haren nortasunaren ezaugarri nabarmenen gainetik? Independentziaren bidea abiatu daitekela uste al duzu, ibilera honen subjektu aktiboa konkistatutako gizarte anitz eta kulturartekoa bera dela aintzat hartu gabe? Euskal Herria hizkuntz erkidegoaren etorkizuna eta eskubideak bermatu daitezkela uste al duzu, haren Nafar Estatuaren independentzia berreskuratu gabe?
Abertzalea izan al daiteke Nafarroaren etengabeko konkistaz baliatzen dena, isilean bada ere, ondoren haren nazio independienteari uko egiten diona, eta gero hizkuntzan oinarrituriko beste “ex novo” nazio baten eraketa asmatzen duena? Independentista al da Nafarroaren izena baztertu, ezkutatu eta ezeztatu egiten duena, hain zuzen ere bera bizi den gizarte eta lurraldearen izena bera, amaigabean zapaltzen gaituzten Espainia eta Frantzia nazio konkistatzaileek gu menperatu eta zatikatu arren? Independentista al da haren aberri konkistatuaren izena haren hizkuntz erkidego murriztuaren izenarekin ordezkatzen duena? Independentista al da haren hizkuntz erkidegoaren eta haren Estatu konkistatuaren izenak elkarren kontra jartzen duena? Independentista al da Nafarroa eta Euskal Herriaren arteko osagarritasuna aitortu nahi ez duena? Independentista al da geurea den Nafar Estatuaren aitortzari uko egiten duena? Independentista al da Nafarroa euskal hizkuntz erkidegoaren Estatua dela ikusi nahi ez duena?
Gizarte edo herri berdinari dagozkion bi izenen esanahi ezberdinak nahastea haren etsaien alde baino ez du egiten, jendarte honek haren askatasuna eta haren kultura ez berreskuratzea xede duten amaigabeko konkistatzaileen alde, alegia. Euskal Herriaren esanahi hizkuntz-etnikoa Nafarroarekin ordezkatzea, Nafarroaren eduki juridiko-politiko eta istorikoa Euskal Herriarekin ordezkatzea bezain larria da. Zuzen hitz egitea da kontua. Euskal Herria Nafarroaren baitan dago.